Pamplona Negra Jaialdiak 'Noir-aren inguruko bidaia' proposatzen du 2025eko urtarrilaren 20tik 25era
2024ko abenduaren 17a
Hamaikagarren edizioan, literatura eta zinema beltzaren jaialdiak gora egiten du jarduera, erakunde laguntzaile, egile gonbidatu eta publiko objektiboaren kopuruan.
Pamplona Negra Jaialdia hamaikagarren ediziora iritsiko da heldu den urtarrilaren 20tik 25era, ezustekoz, izen handiz eta literatura ugariz betetako programa batekin. 2025erako proposamena munduan zeharreko bidaia bat izango da, geldialdiak eginez tokirik esanguratsuenetan, haietan idazten den eleberri beltza ezagutzeko.
Hala, urtarrilaren 20an mapa zabalduko dugu eta arretaz jarraituko diegu jarraibideei. Lur babesgabeak bisitatuko ditugu, gerran dauden lekuak gurutzatuko ditugu eta gailurrerako bidea aurkituko dugu, lehen mailako egileekin. Krimena taula gainean atala ere bidaia liluragarria izango da. Foruzaingoak krimen baten ikerketa oso bat erakutsiko du, gertatzen denetik ebatzi eta epaia ematen den arte. Polizia Nazionaleko Iheslarien Brigadaren arduradunari lagun egingo diogu, munduko kriminal arriskutsuenak ehizatu eta harrapatzean. Aitor Curiel forentse adituak bihotzik gabeko gizonari buruz hitz egingo digu. Bidaia oso bizkor joango da, Kennedyren hilketaren ikerketan parte hartzen dugunean. Eta, gainera, FBIko agente bat izango dugu gure artean, munduko ikerketa-agentzia ezagunenak nola funtzionatzen duen azaltzeko, aurrez aurre izan dituzten zenbait kasuren bidez.
Eskaintza zinematografikoak lehen mailako hiru izenburu izango ditu, Nafarroako Filmotekak hautatutakoak, eta, era berean, ibilbide antzeztuak, hitzordu gastronomikoa Tres Reyes hotelean eta eleberri beltzeko tailerrak izango ditugu. Tailer horietan, Antonio Lozanok kontatuko digu nola izan originala fikzio kriminalean eta Nafarroako Abokatuen Elkargoak erakutsiko digu nola idatzi legearen alde honetan.
Gazteek leku nabarmen bat izango dute hamaikagarren edizio honetan. Alde batetik, Baluartek Epaiketa atzerritarrari antzezlana hartuko du, euskaraz eta gaztelaniaz. Emankizun horretan, publikoa alderdi garrantzitsu eta ezinbesteko bihurtuko da, garatu ahal izateko. Eta bestetik, Pamplona Negrak bere ateak zabalduko dizkie irakurle gazteenei, Planetarioan bi jarduera eginez Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako aurreneko zikloko ikasleentzat.