“Hiri ilunari” eskainitako ‘noir’ zinemako hiru izenburu ekarriko ditu Pamplona Negra jaialdiak bere hamargarren edizioan
2023ko abenduaren 19a
Urtarrilaren 22tik 24ra, Ganbera aretoak zenbait herrialdetako hiru film luze hartuko ditu, jatorrizko bertsioan. Gaurko 12:00etatik aurrera, asteartea, eros daitezke sarrerak.
2024ko Pamplona Negra jaialdiak hamargarren edizioa egingo du heldu den urtarrilaren 22tik 27ra, eta esparru horretan, Baluartera iritsiko da berriro ere hitzordu hirukoitza zazpigarren artearekin. Izan ere, zinemak berriz ere bere tokia izango du erreserbatuta jaialdi honen programazioan, Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak sustatuta eta NICDO – Baluartek eta Nafarroako Filmotekak antolatuta. Hiria (“Hiri iluna” / The Dark City) zinema beltzeko ziklo honetako protagonista izanik, Pamplona Negrak hiru film luze noir ekarriko ditu Ganbera aretora, garai eta herrialde desberdinetakoak. Film luze horietan, kaleak eta kalezuloak, eraikinak eta etxebizitzak, taxi-gidariak eta gidari ausartegiak eta, batez ere, metropoliko giza paisaia pantaila handira eramaten duten istorioa bera bezain garrantzitsuak diren pertsonaiak izan dira.
Filmotekak hautatutako hirukoan, urtarrilaren 22an, astelehena, It Always Rains On Sunday (1947, Beti igandearekin egiten du euria) filmean, Londresko hiri-bilbeko zokoak ikusi ahal izango dira. Film horren publizitateak hau zioen: “Ezagutzen duzun kale baten sekretuak”. Lan ezezaguna da, eta aldarrikatu beharrekoa, generoaren barnean. Asteartean, urtarrilak 23, publikoak Mantxako kanala gurutzatuko du Parisko eta Deauvilleko kaleak ikusteko Bob, le flambeur filmean (1956, Bob jokalaria), Jean-Pierre Melville maisuak zuzendutakoan. Eta asteazkenean, hilak 24, Los Angeles hiriko hiri-egituran noraezean ibili ahal izango gara To Live and Die in L.A. (1985, Los Angelesen bizi eta hil) izenburu iragarlearen fotogramen bidez, duela gutxi hil den William Friedkin zuzendariak zuzendutakoan (The French Connection, The exorcist).
Hiru emanaldi horiek 20:15ean hasiko dira, jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, eta gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte. Sarrerek 3 euro balio dute, salgai daude jada, eta www.baluarte.com webgunean eskuratu ahal dira, Jaialdiaren webgunean (www.pamplonanegra.com), Baluarteko txartel-leihatilan edo NICDOk La Morea merkataritza-zentroan duen informazio- eta salmenta-gunean.
AMAIERA BIKAINA JAIALDIARI
Halaber, gaur eguerdian jarri dira salgai Pamplona Negraren hamargarren urteurrena amaitzeko jairako sarrerak. Jai hori, hain zuzen, urtarrilaren 27an egingo da, larunbata, Iruñeko Zentral aretoan. Simpathy for the noir, Concierto X años Pamplona Negra ekitaldia 20:30ean hasiko da, eta writers band baten emanaldi nagusia izango du. Rock taldeetan trebatutako eleberri beltzeko idazleek eratuta dago talde hori: Mikel Santiago (ahotsa eta gitarrak), Pedro Feijóo (baxua eta ahotsa), Santiago Álvarez (gitarrak eta ahotsa) eta Galder (bateria). Kontzertua 21:30ean hasiko da, eta bertan abesti ezagunen errepertorio bat errepasatuko dute, barne hartuta The Rolling Stones, Queen, Loquillo, Kiss, The Clash, Los Rodríguez eta David Bowieren kantak. Jaialdiari amaiera bikaina emango dion kontzertu honetarako sarrerek 15 euro balio dute, eta salgai daude jada. Prezio horretan, koktel bat hartzeko aukera sartuta dago.
Horrez gain, Pamplona Negra jaialdiak proposamen berri bat izango du bere agendan edizio honetan, eta Jaialdia indartsu hasteko balioko du: whiskiarekin lotutako literatura mintzaldia-dastatzea. Urtarrilaren 22an izango da, astelehena, 20:45ean, Napargarren (Gazteluko plaza, 32), Whisky ‘On The Words’. Edan detektibe batek bezala izenburupean. Izan ere, whiskia beti lotu izan zaio eleberri beltzari. Genero honetako pertsonaia ospetsuenetako batzuek eskuarki edaten dute edari hau. Baina, pertsonaia horietako bakar batek beste baten antzik ez duen moduan, maiz edaten dituzten likore horiek ere ez dira denak berdinak. Mintzaldi-dastatzera bertaratzen direnek whiski horietako batzuek dituzten misterioak ezagutzeko aukera izango dute, Santiago Álvarez idazleak hautatutako eleberri beltzeko lau pertsonaia mitikoren bidez. Zein da Wallanderren whiski gogokoena? Eta Lisbeth Salanderrena? Zergatik nahiago du Quirckek Jameson whiskia? Eta zergatik egiten dute, bestalde, Bernie Guntherrek eta Mejías detektibeak Laprhoaig on baten alde? Horrez gain, mintzaldi-dastatze honetan zenbait whiski dastatzeko modua egongo da, hala nola LAPRHOAIG, Glenmoraengie, Jameson eta Tullamore Dew whiskiak. Ekitaldiko leku-kopurua mugatua da, eta sarrerak salgai daude, 15 eurotan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 19an