Patricia Ferreira

Madril (1958). Irudiaren Zientzietako eta Kazetaritzako lizentziak eskuratu zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kritikari eta zinematografiako kazetari lanak egiten hasi zen TVEn, RNE Espainiako irrati publikoan eta Fotogramas aldizkarian, eta geroago telebistan aritu zen errealizadore, zuzendari eta telesail eta programetako gidoilari, besteak beste, Equinoccio sail dokumentalean, Latinoamerikako gaiei buruzkoan eta TVEk ekoitzian; Un día en la vida de nuestros antepasados izenekoan, historiaurreko bizimodua birsortzen duenean; Un país en la mochila programaren zenbait saiotan, José Antonio Labordetak aurkeztutako sailean; Paraísos cercanos bidaien sail dokumentalean, esate baterako, Rafael Chirbes eta Javier Marías idazleen gidoiak dituenean; eta Todo el mundo es música lanean.

2000. urtean egin zuen debuta zinemako zuzendari lanetan,  Sé quién eres lanarekin. Film hori Berlingo jaialdian estreinatu zen, eta zuzendari hasiberri onenaren Goya saria jasotzeko izendapena izan zuen, bai eta aktore onenarena (Miguel Ángel Solá) eta musika onenarena (José Nieto) jasotzekoak ere. Hain zuzen, azken horretan lortu zuen saria.

2002an, El alquimista impaciente estreinatu zuen, Lorenzo Silvaren izen bereko lanaren egokitzapena. Zinematografiako Idazleen Zirkuluaren saria eskuratzea ekarri zion, gidoi egokitu onenaren sailean. Filmak, gainera, bi izendapen izan zituen Goya sarietarako: aktore berri onenarena (Roberto Enríquez) eta zuzendaritza artistiko onenarena (Rafael Palmero). 

2004an, En el mundo a cada rato esketxen filma estreinatu zen, eta hartan El secreto mejor guardado film laburra egin zuen. Indian filmatu zuen, eta gaia du hiesa Hirugarren Munduan. Handik urte batera, Para que no me olvides film luzea estreinatu zuen, eta hartan Fernando Fernán Gómezek bere azken roletako bat jokatu zuen. Berlingo jaialdian aurkeztu zuten filma, eta hiru Goya sari jasotzeko izendatu zuten: aktore protagonista onena, taldeko aktore onena eta zuzendaritza artistiko onena. 

2010ean, Señora de dokumentala egin zuen. Valladolideko Seminci jaialdian eman zuten eta hirugarren saria lortu zuen Tiempo de historian. 2010ean, era berean, El amanecer de Misrak film laburra zuzendu zuen, Etiopian filmatua eta Ellas son África proiektu kolektiboan sartuta dagoena. 2012an, Los niños salvajes bere film luzea estreinatu zen. Málagako jaialdian film onenaren urrezko biznaga eskuratu zuen, eta bai gidoi onenaren eta bigarren mailako aktore onenen sariak: Aina Clotet eta Alex Monner. 

2017an, orain arte egin duen azken film luzea zuzendu zuen, Thi Mai, rumbo a Vietnam. Hain zuzen, zati batean Iruñean filmatu zen.

2001az geroztik, zuzendaritzako irakaslea da Madrilgo Zinema Eskolan (ECAM), eta aktoreen zuzendaritza irakaslea izan da eskola, lantegi eta masterretan, besteak beste, CEUko zuzendaritza masterrean, Kataluniako ESCACen, Madrilgo NIC-Instituto del cinen, Uruguaiko zinema eskolan eta Madrilgo Central de cine eskolan. Zinemaren Akademiako Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen 2009 eta 2015 artean. CREA Galiziako errealizadoreen elkarteko kidea da, eta 2006az geroztik CIMAko Zuzendaritza Batzordeko kidea (Emakume zinemagileen eta ikus-entzunezkoetakoen elkartea). Hain zuzen, azken horren sorreran parte hartu zuen.

IDAZLANAK:

2000 - Sé quién eres 

2002 - El alquimista impaciente 

2004 - El secreto mejor guardado 

2005 - Para que no me olvides 

2010 - Señora de 

2010 - El amanecer de Misrak 

2012 - Los niños salvajes 

2017 - Thi Mai, rumbo a Vietnam 

BABESLEAK

ANTOLATZAILEAK:

LAGUNTZAILEAK:

PARTE-HARTZAILEAK: